XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

II.1 Donibane Lohizune XVII. mendean

Historiagileek diotenez, XVI. mendea izan zen Euskalerrietan jori, oparo eta aberatsenetarikoa.

Ipar Ameriketan bale arrantza zela alde batetik, gero Ameriketako deskubrimendua zela bestetik, eta beti bere itsasontzi flota ugari bezain trebeari esker eta honek merkataritzaren bitartez zekartzan ondorio ongarriekin kostaldeko herriek hiri dotore eta apainak eraiki ahal ukan zituzten.

Horietako bat Donibane Lohizune zen.

Baina badirudi hiri horietan sortzen zen giro askea ez zitzaiela gehiegi laket agintari eta inkisidore jaunei, ezen 1576. urtean jadanik Boniface de Lasse Amouko lotenantak, inongo epaiketarik gabe eta parlamentak parte hartu gabe betan, Marie de Chorropique, Janetabartaeneko alaba eta berarekin beste berrogei sorgin hilarazi baitzituen.

Eta geroagoxe, 1611. urtean hain zuzen, Bertrand d`Echauz, Baionako apezpiku baigorriarrak eskaturik, hala nola Amou eta Urtubiko jaunek deiturik, iritsi zen Lapurdira Pierre de l`Ancre Bordeleko parlamentuko epailea, eta bere ekintza sarraskitzaile eta garbigarriaren berri liburu bitxi batean eman zigun.

Hau, euskal etorkizkoa izan arren, bere aitona Bertrand de Rostégui Jutsuekoa zenez gero (2) 710 or., zoramen berezi batez horniturik zegoen eta bere iritziz ia hiritar gehienak sorginkeriaz kutsatuta zeuden, eta horrela bost hilabetetan zazpirehun baino gehiago errearazi zituen, su eta gar garbitzaile haietarik apaizak ere libratu ez zirelarik, eta Azkaine, Arkibel, Ziburu eta Donibane Lohizuneko herriak gertatuz pairatzaile.

Garai hartan Bordeleko Parlamentuan buru izango zen Gourgues jaunak adierazten zuen, nola izan zen bera desordre haien testigu eta lekuko, eta ikusiz, nola gertakizunak oro ezjakinaren eta superstizioaren ondorio gaitzak ziren, pentsatu zuen egokiena izango zela hainbat gorroto, ezinikusi, basakeria eta heriotze buka eta itzal zitezen herria irakaspidean ezartzea, ordre erlijios jakintsu eta langile bat basati ezjakin haien irakasletzat ipintzea, (...).